XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bidea Egiten eta Burrukatzen.

Gaurkoan, herabez, gazte ingurunera hurbildu nahi izan dugu.

Oso zabala izaki, ale hau erabat llabur gera daiteke gaztediaren arazo piloaren aurrean.

Hizkera bera, agian, ez da, zenbait kasutan, egokiena izango batez ere gaztediaren fenomeno tipikoez aritzean.

Inposatutako egoerek sortarazitako agerpenak direla esan beharko genuke, behar bada.

Gaztediak bere baitan dituen baloreez gutxiago hitzegiten dugula ere izan daiteke.

Konpongaitzak diren mila arazotan murgildutako gaztedia, batez ere konponbideak erraztu ditzaketenek horretarako gogorik ez dutenean; gauza askoren lehiaz bizi den gaztedia, hala nola, lana, partaidetasuna, identitatea eta, bereziki, askatasuna, ez pertsona mailakoa soilik, baizik askatasun soziala eta Herriaren askatasuna; zapuztua sentitzen den gaztedia, norabiderik gabe, baina halaz ere, mundu hobearen irrikaz, BIDEA EGITEN ETA BURRUKATZEN ari den gaztedia.

Historiaren protagonista izan nahi duen gaztedia eta erabilia izateari uko egiten diona.

Hurrengo aleetan gazteei hurbilduko gatzaizkie beraiek izan daitezen beraien nahiak, gogoak, etsipenak eta etorkizuna jakinarazten dizkigutenak.

Bizi dugun gizarteaz pentsatzen dutenari buruz galdegingo diegu; nola ikusten ala sentitzen dituzten instituzioak, zertarako balio duten; nola sentitzen dituzten politika eta politikoak.

Elizari eta sinestedunei buruz duten eritzia.

Eta galdera gehiago, noski.

Seguru, ohizkoa duten egizaletasunaz erantzunaz erantzungo digutela.

Baina, bestalde, gaztedia bera da gizarteari eta gizaki guztioi zenbait galdera egiten dizkiguna.

Batez ere, hemen, Euskal Herrian: Noiz amaituko da Herriaren zapalketa?.

Noiz bukatuko da Euskal Herria Mari Errauskin izatea ala horretara behartua izatea?.

Nora doaz eta noren probetxurako zentralismoarentzat biltzen diren milaka milioak?.

Noiz amaituko Euskal Herriko Lurralde hau drogaren banakuntzarako eremu zabal eta erraza izatea, guztiok dakigunek lasai asko bana ahal dezaten?.

Noizkorako Euskadiren autodeterminazioa?.

Noiz ahalko du izan nahi duena izatea?.

Gisa honetako eta beste zenbait galdera gehiago azalduko dira, dudarik gabe.

Bien bitartean, uste dugu pobreen ahotsa dela behin eta berriz aldarri eta oihu egiten duena; Jainkoaren ahotsa galdegiten diguna.